top of page

BETSAIDE

Euskadiko 0 kilometroa

BETSAIDE

EAEko bide guztiak ez dira tontor honetatik abiatzen, baina bertan elkartzen dira 3 herrialdeak. Besaide (edo Betsaide) 564 m-ko tontor txikia da, eta bi mendi oso ospetsuren artean dago: Udalaitz (edo Udalatx) eta Anboto.

Leku honen berezitasuna da, esan bezala, EAEko hiru herrialdeak bertan elkartzen direla. Bertan dago hiru euskal herrialde (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) batzen dituen harria. Elkargune horretan eraiki zen, hain justu, Desagerturiko Mendizaleen Monumentua.

Monumentua tragedia baten karietara eraiki zen. 1953an, Euskal Herriko lau mendizale Mont Blancera igotzen saiatu ziren, baina, eguraldia aldatuta, ekaitz izugarri batek Valloteko aterpearen eta tontorraren artean harrapatu, eta ezin izan ziren handik atera. Mendizaleen artean eragin handia izan zuen gertaera hark, eta Euskal Herriko Mendi Elkarteak eskaera egin zion Pueyo arkitektoari haien omenezko monumentua egin zezan. Eraiki zen egunetik, 1955eko urriaren 30etik, bertan egiten da urtero mendiko istripuetan hildako mendizaleen Eguna.

Metro gutxira, eskailera batzuk jaitsita, beste monumentu bat ikus dezakegu. Kasu honetan, arkitektoa Yoshin Ogata japoniarra izan zen, eta 'Bizi-iturburu' izena jarri zion egiturari. Euskal Mendizale Federazioak eskatu zion, 1990ean, Euskal Herriko mendizaleak gogoratzeko helburu berarekin.

Besaidek Arrazola harana ixten du, eta bere azpian kobre-meatzeak ustiatu ziren Debagoiena aldetik, Udala auzo (Arrasate) gainetik.

Besaidera iristeko, 5 bide dituzu. Beraz, ez duzu ez igotzeko aitzakiarik.

ELORRIOTIKO IBILBIDEA

Txangoak Elorrioko saihesbideko goiko biribilgunean (industrialderako irteera) du hasiera. Bertan, porlanezko pista baten hasiera dago (Besaiderako seinalea). 55 minutuan, Memaiako desbideratzera iritsiko gara, eta ondoren GR-123rekin eta Udalaitzerako bidearekin bat egiten duen bidegurutzeraino jaitsiko gara (ordubete eta bost minutu).

 

Pista nagusiari jarraiki, Besaideko iturrira iritsiko gara segituan. Metro batzuk aurrerago, bide bat hartuko dugu ezkerretara, eta horrek tontorreraino nahiz monumenturaino eramango gaitu.

Gehiago ikusi>

ARRAZOLATIKO IBILBIDEA

Familiarekin batera egiteko ibilaldi aproposa, txikienak Besaidera igo daitezen. Ordubeteko igoera da, erraza. Ibilbidearen hasieran, aparkaleku bat eta estalitako askaldegi bat daude.

San Roke guruztoki-baselizaren ondotik igaroko zara, herri-barroko estilokoa bera (XVII-XVIII mendeak), eta 1904ko otsailaren 1ean inauguraturiko trenbidearen aztarnak ikusi ahal izango dituzu. Burdinbide estuko meatze-trenbide hori Topetik (antzinako geltokiaren izena) Apatamonasteriora zihoan, Durango-Elorrio trenbidearekin bat egiteko. 1925era arte, Arrazolako meatzeetatik ateratako burdina, beruna eta kobrea garraiatu ziren, eta, 1950ean erabiltzeari utzi zitzaion arte, bidaiariak eta egurra. 'Aurrera' zuen izena lurrun-makinak.

 

Gehiago ikusi>

PROTAGONISTAK:

Sara 28, Madril

Alberto, 33 Coslada

"ESTRALURTARREK EKARRITAKO MONUMENTUA DIRUDI"

Sara Camino

IBILBIDE IKUSGARRI
GEHIAGO
bottom of page