EUSKAL MEATZARITZAREN ABIAPUNTUA
Sar zaitez Basquemountainseko burdinazko mendietan eta ikusi nola eratu dituzten aintzirek eta meategi zaharrek pelikulako paisaiak.
Aintzirak ikusiko dituzu lehen-lehenik: antzina, burdina ateratzeko hondeaketak ziren, baina denborarekin urez bete dira. El Ostion edo Las Karmenes putzu sakonak urez bete dira, eta berdez inguratutako aintzirak dira, egun, garai bateko meategiak. Meatzarien txabolak desagertu egin dira, eta etxeak zeuden tokian mahaiak eta erretegiak daude, non arrantzaleek aintziretako amuarrain eta karpez gozatzen duten.
Nabarmentzekoak dira, halaber, abereen txabolak. Edozein txokotan aurki daiteke behi montxina talde bat edo bertako zaldiak.
Zenbait aisialdi-gune ere badira: kirol-instalazioak (futbol-zelaia, pilotalekua...), aterpetxea eta Peñas Negras Ingurumen Interpretazio Zentroa. Bertan, balizaz adierazitako ibilbideak eskaintzen dizkiote bisitariari, ingurugiroa zein mea-ustiapenaren arrastoak ezagutzeko eta haietaz gozatzeko.
MEATEGI ZAHARRAK
Burdinazko Mendietan, izen bitxia duten meategiak aurkituko dituzu: 'Matamoros', 'Las Cármenes', 'El Negro', 'Elvira', 'La Parcocha', 'Los Alemanes', 'La Mamen' edo 'Cantera Macho'. Guztiak Orconerarenak ziren, eta 1986an itxi zituzten.
Gaur egun, Gallartako Concha II aire zabaleko meategia bisita daiteke, Kultur Ondare izendatua. Bere garairik onenean, 700 meatzari aritzen ziren bertan beharrean, eta egunero 15 tona burdina ateratzen zituzten.
Meategi hauetan jaio zen “Aliron” garrasi famatua. Meategietako asko enpresa britainiarren esku zeuden, horregatik, meatzariek burdinaz baino ez osaturiko zerrendak topatzen zituztenean, “All iron” (dena burdina, ingelesez) idatziz adierazten zituzten; meatzariek pozarren irakurtzen zuten hori, aurkikuntzari esker aparteko soldata jasotzen baitzuten.
BURDINAZKO MENDIETAKO BIDE BERDEAK – BURDINMENDI
Burdinazko Mendiak alderik alde ezagutu nahi badituzu, bide berdea da aukerarik onena.
Burdinazko Mendietako bide berdea Bizkaiko luzeena da: Artzentales eta Muskiz arteko ibilbidea egiten du. Natur balio handiko 42 kilometroko bidea da, eta leku baliotsuetatik pasatzen da, hala nola, Trianoko Mendietako Biotopo Babestutik eta Arena hondartzatik, Barbadun itsasadarrean (Natura 2000 Sarea).
Horrez gain, meatzaritza-jardueraren arrastoz josita dago bidea (zamatzeko tokiak, olak, meatzeak, karobiak...), eta horrexegatik da historia barru-barrutik ezagutzeko ibilbide paregabea.
TURISMO AKTIBOA
Turismo aktiboko zenbait jarduera egiteko aukera izango duzu bertan, eskaintza zabala baitago: bizikleten alokairua, zaldizko ibilbideak, abentura-parkeak...
NOLA IRITSI
Historiaz beteriko mendi hauek ezagutzeko, funikularrez etortzea gomendatzen dizugu, Trapagarandik Larreineta auzoraino. 1926tik martxan, garraiobide hau oso erabilia zen mea erauzten zen garaian. Gaur egun, funikularretik Bilboko Abraren ikuspegi zoragarriak ikusteko aukera ematen du.
Kilometro bat dago funikularretik Zugaztietaraino (Burdinazko Mendiak): herri horretan burdinazko mea erauzten zen. Oinezko ibilbide lasaia da (20’), begirada aintziretan pausatuta. Bada autobus bat ere, eguraldi txarra dagoenean bidea laburtzeko.
AUTOZ IRISTEKO
Zugaztieta Parkeko aisialdi-gunera iristeko, Trapagarandik abiatuko gara: Bilbo eta Kantabria lotzen dituen BI-634 errepidea albo batera utziko dugu Trapagaranen, Udaletxea eta eliza dauden bidegurutzean.
Errepide bihurgunetsu batek eramango gaitu gorantz, meatzari-auzoak atzean utzita, eta Larreinetara iritsiko gara, funikularra heltzen den tokiraino, hain zuzen. Aurreraxeago, errepidearen ezkerrean, Zugaztietako aisialdi-guneko sarrera aurkituko dugu.
PROTAGONISTA:
Lidia, 34 Tarragona
"EZ NUKE INOIZ PENTSATUKO AINTZIRAK LEHEN MEATZEAK ZIRENIK"
Lidia Martinez
Euskal Herrian ez da oso ezaguna, baina ikuskizun paregabea da hemengoa. Ezinbestekoa da indabak dastatzea!”
Lidia Martinez
Ez galdu Meatzaritzaren Museoa, non jatorrizko piezak, erremintak eta makinak aurkituko dituzun. Nik, bitxikeria harrigarriak kontatu zizkidan meatzari batekin hitz egiteko zortea izan nuen!