ENKARTERRIKO GAILUR FAMATUENA
Kolitza Bizkaiko mendi ospetsuenetako bat da, mendia gustuko izan arren noizbehinka joaten garenontzat denetik baitauka: goitik ikus daitekeen paisaia ikusgarria da, erraz igo daiteke bertara, eta edozeinek egin dezake. Gainera, ia ezinezkoa da galtzea! Zer gehiago nahi dugu?
Tontorretik, hiru lurralde ikus daitezke: Kantabria, Burgos eta Bizkaia, eta, zerua oskarbi dagoenean, itsasoa ikusteko aukera ere badago.
Ikuspegi zabal hori dela eta, Kolitza Bizkaiko bost deiadar-mendietako bat da. Tontorretik, Bizkaiko Jaurerriko Batzar Nagusietarako deia egiten zen: adarrak jotzen zituzten eta sua pizten zuten, ingurukoek jakin zezaten hurrengo ilargi-aldaketan Batzar Nagusiak bildu egingo zirela, Gernikan.
Tontorrera heldutakoan, San Sebastian eta San Roke baseliza aurkituko duzu. Bitxia iruditzen zaizu baseliza bakarra bi santuri eskaintzea? Bada, hauxe azalpena: XVI. mendean, egundoko izurrite batek Balmaseda txikitu zuen, eta herritarrek baselizara jo zuten, San Sebastiani babes zitzan eskatzeko. Hildakoak zenbatzen jarraitu zutenez, uneko agintariek tenpluaren santutasuna sendotu nahi izan zuten, hura San Rokeri ere eskainita, bi santuren babesa lortzearren.
Benetako erromeria batean parte hartu nahi baduzu, maiatzaren 14an Kolitzara igotzea gomendatzen dizugu: bertako zelaiak musikaz eta alaitasunez betetzen dira, inguruko txakolina eta herri-bazkari oparoa ahaztu gabe.
NOLA IRITSI
Ibilbide ezagunena PANDOZALES auzoan hasten da, Balmaseda gainean. Handik hartuko dugu Kolitzarantz doan mendi-bidea. Auzoaren goialdeko seinale zuri-gorriek bideratuko gaituzte.
Mendi-bidea leun igortzen da mendebalderantz, tontorrerantz daraman gailur-lerroan zehar. Ez dago galtzerik. Marka zuri-gorriei jarraiki, Pandozalesetik abiatu eta ordubete eskasera tontorrera iritsiko gara. Hantxe aurkituko dugu Kolitzako San Sebastianen baseliza.
INFORMAZIO GEHIAGO
BALMASEDAKO TURISMO BULEGOA
Martín Mendia, 2
Balmaseda (Bizkaia)
T. 946 802 976